943000000 Idatzi@gmail.com

PIRENAIKA

Pirenaika arraza, arraza autoktonoa eta landatarra da, bere jatorria Pirineoak direlarik. Euskadin eta Nafarroan, batez ere, oso ugaria da, bertoko Lurralde eta Kulturaren parte bat delarik. Hala ere, Aragoin eta Katalunian garrantzia handia du. Orohar, Kultura eta Genetika ondare handidun arraza bat dela esan daiteke.

Pirenaika arrazak, gorpuzkera ertaina eta proportzionala du, eta bere aurreko zein atzeko gorputz-adarrak ertain eta indartsuak dira. Azala gari-kolorekoa izanik, kolore argi batetik, “zuri” deritzona, kolore bizi batera, “gorri” deiturikoa, alda daiteke; bragadetan, perineoan, hankapean, muturrean eta begi-eremuan dekolorazio zentrifugoak euki ditzakeelarik.

Burua ertaina, bekoki zabala, masailezur sendoa, belarri ertaina, eta begi irtenak, bertan halo argi (eper begia deritzona) batez inguraturik, dauzkan animalia da. Adar oso bereizgarriak ditu: emeak lira eta arrak ilargi erdi formakoak, zuriak eta punta horixkakoak. Mukosak pigmentu gabekoak, arrosak, eta itsatsa nahiko altua, luzea eta borloiduna.

Arraza autoktono honen errolda, gaur egun haragiaren ikuspegitik daukan garapen-aukera bikaina dela eta, goruntz doa. Baina beti ez da horrela izan, desagertzeko arriskuan ere egon zen, 1970eko hamarkadan atzerakadarik handiena emanez.

Hasiera batean, arraza honek gaitasun hirukoitza zuen: lana (lurrak lantzeko), esnea (familiaren kontsumoa eta, batzuetan, gaztak egiteko) eta haragia (udaberrian erditu eta sei hilabete buruan animalia hiltzea, 150 kg-ko pisu biziarekin). Baina 1920tik aurrera, Pirenaikoa haragi-ekoizpenerako hautatzen hasi zen, eskaria handitu eta haragi-gaitasun ona zuelako.

Hala ere, gizartearen bizimoduaren aldaketak, industrializazioak eta, ondorioz, ustiategiak utzita hirietara migratzeak eta larreak laborantza-lur bihurtzeak, arraza honen presentziaren murrizpena ekarri zuen. Hain izan zen erroldaren jeitsiera, ezen “desagertzeko arriskuko arraza” moduan kalifikatua izan zela (Gipuzkoan inskribatutako 40 behi eta Nafarroan 1500), bestelako arrazoiak honako hauek izanik: a) arraza berriak sartzea, hala nola pardo-alpina eta frisona, eta, ondorioz, Pirenaikarekiko kurutzapen masiboa, b) arraza autoktonoak bertan behera uztea, arraza hobetuen alde, merkatuaren eskariari aurre egiteko, eta c) tratulariek abeltzainei alderdi zooteknikoei buruz aholkatzeko orduan eukitako eragina, horietako askok horretarako ezagutza falta zutenean.

Gertatzen ari zenaz kontzientzia hartu, eta abeltzainek sustatutako hobekuntza-planei esker (1980ko urteetan zehar Nafarroako eta Euskadiko elkarteak eratu ziren,  ondoren, Aragoi eta Katalunia eta, azkenik, Kantabria) eta Estatu mailako nahiz Erkidegoetako administrazio publikoen laguntza eta babesari esker, arriskutik kanpoko mailetara iritsi ahal izan da: 2019ko abenduaren 31n, liburuan inskribatutako ustiategiak 1.047 ziren bi urtetik gorako 26.402 animaliekin.

Gaur egun, Pirenaika arrazaren 7 elkarte daude, CONASPI izeneko Pirenaiko Behi-azienda Elkarteen Konfederazio Nazionala /Confederación Nacional de Asociaciones de Ganado Vacuno Pirenaico-an bat eginik. CONASPIk Pirenaiko arrazaren hazkuntza programa kudeatzeko baimendua dago (otsailaren 8ko 45/2019 Erret Dekretuan eta 2016/1012 araudian). Elkarteak ondorengoak dira:

  • ASGAPIR- Bizkaia.
  • HEBE- Gipuzkoa.
  • ARPIEL- Araba.
  • ASPINA- Nafarroa
  • ASAPI- Aragón.
  • ASPIC- Catalunya.
  • ASPICAN- Cantabria

Bestalde, elkarteaz aparte, arraza hau daukaten bestelako ustiategiak egon badaude: Asturias (2), Ávila (2), Burgos (12), Cáceres (3), Castellón (1), León (1), La Rioja (13), Madrid (2), Palencia (1), Salamanca (1), Segovia (1) eta Soria (16).